XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Emakumea txofer.

ASPALDIKO urteetan askotxo ugaritu jakun pertsona moeta bat, txoferra da.

Zahar eta gazte, txiro zein aberats, gizon ta emakume, danak saiatzen dira zorioneko edo zoritxarreko gaitasun txarteltxoa lortzen.

Lortu ta ostean, sarritan, Seat edo Renault baten barruan bakarrik aurkitzen diranean, argia non biztu behar dan ere jakin ez arren gero.

Txoferren artean baina, ba dago bereiztasunik asko.

Astiro-astiro doazanak... Beti presaka dabiltzanak... Leihoetatik neskatilei loreak botatzen deutsieezenak... Edo ta beste automobil baten emakume bat ikusiz besterik gabe, atsoen itxurazko hortzak erakusten dituenak.

Beste gauza bat ere guztiz nabaria da txoferren artean, hau da: istripu txikiren bat jazotzen danean, gizonezkoak besteari ezartzen deutse errua gehienetan.

Horretan, nik ezagutu dodazan emakumezkoak behinik behin, askoz be adoretsuagoak izan dira; euren hutsak ulertu eta humoretsu kontatzen be dakienak aurkitu ditut askotan.

Esan beharra dago, izan eta ere istripu txikietan puntarengoak dirala gure emakumeak.

Nire lagun batek, emakumea bera, hainbat urte dirala lortu eban txofer karneta eta makinatxo bat kilometro eginak ditu bideetan zehar ordurik hona.

Hori bai, lantzean behin zorrotokian maletinen bat edo beste zeozer sartu beharko ez baleu, ez leuke motorra non dagoan ere jakingo, kontixu.

Baina batez ere automobila aparkatu behar daben bakoitzean, komeriak izaten ditu koitadeak, ba, bere Seat txikia Dodge Dart bihurtzen jako eta ezin dau nahiko dan beste lekurik inoiz aurkitu inon.

Nire laguna, marino batekin ezkonduta dago eta behin batean bere senarra barkuarekin etorri zan Bilbora.

Baita arin telefonoz deitu ere.

- Ea txiki.

Bilbon, ofizinara joan beharra dot bai eta zatoz ahalbait azkarren nire bila.

Esperantza kalean itxarongo deutsut.

Han joian gure andrea, hilabete bitan ikusi barik eukan senarraren bila; pozaren-poz joan ere.

Eguerdiko ordu batak inguruan heldu zan Bilbora.

San Nikolasi jira egin ondoren, Esperantza kalerantz zuzendu eban bere kotxea, astiro, inon aparkatzeko tokiren bat ikusiko, zuhur.

Baina alperrik.

Kalea amaitzen jakon eta gure andratxoak ez eban leku txiki ez handirik aurkitzen; ha zan estutasuna eta larria!.